La Fundación Laboral San Prudencioren presidente Yolanda Berasateguik inauguratu zuen jardunaldia, eta, ondoren, Gasteizko Udaleko alkateorde Felipe Garcíak eta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu María Jesús San Josék hartu zuten hitza. La Fundación San Prudencioren lana txalotu zuten, Arabako enpresena eta langileenaz gain, bai eta kongresuaren gaia eta nazioartean ospe handia duten hizlarien maila ere.
Ondoren, Estíbaliz Ruiz de Azua kazetariaren eskutik, hitzaldien unea iritsi zen.
Auditoriumeko agertokira igotzen lehena Arno Parviainen izan zen, David Health Solutions metodo eskandinaviarraren sortzailea. Mundu osoan 800 klinika baino gehiago ditu, eta ariketa terapeutiko gidatuak, benetako neurketekin egindakoak, duen garrantzia azaldu zuen, nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko eta tratatzeko metodo gisa, hori izanik Nordic Klinikan jarraitzen den arrakasta handiko metodoa.
Mikel Sánchez Kirurgia Artroskopikoko Unitatearen (UCA) sortzaileak lokomozio-aparatuaren endekapen-arazoak, ariketaren prebentzio- eta sendatze-funtzioak, ariketaren eta lehiazko kirol aktiboaren arteko desberdintasunak eta terapia biologikoen (zelula amak, hazkuntza faktoreak) garapena azaldu zituen, laneko zein kiroleko lesioen eta zahartze efektuaren tratamendu gisa.
Hirugarren ponentzian, La Fundación San Prudencioren Prebentzio Zerbitzuko arduradun Jagoba Gómezek La Fundación San Prudenciok 2.000 pertsona ingururi egindako inkesta baten datuak azaldu zituen. Inkesta horrek datu berriak eskaintzen ditu eta Arabako lan eremuko osasunaren errealitatea ezagutzera ematen du.
Javier Elcartek, neuropsikologoa eta Vitalizaren zuzendaria denak, bertaratu ziren ikusleak harritu egin zituen osasunerako eta jardun exekutiborako Biofeedbackari eta neurofeedbackari buruzko hitzaldiarekin. Arnasketaren erregulazioa erabiltzen da, arnasketaren Biofeedbacka, Laneko Osasuneko estresa arintzeko metodo gisa.
María Pilar Ballesterok, Mutua Universaleko Laneko Osasuneko teknikari espezialistak, nahasmendu muskuloeskeletikoen ondoriozko bajak urtetik urtera areagotzen ari direla eta goranzko joera dagoela aztertu eta azaldu zuen.
Yolanda Garcíak, Gasteizko lantegian Mercedes-Benz Espainiaren Zerbitzu Medikoen buru denak, bere enpresan ezarritako Ergomix sistema erakutsi zuen, arazo muskuloeskeletikoak tratatzeko erabiltzen dutena, eta absentismoa eta langileen bajak murriztea eragin duena.
Bestalde, Orkli S. Coop.-eko Zerbitzu Medikoko zuzendari Ángel Gomezek bere enpresan metodo berarekin egindako proba pilotuaren emaitzak ezagutzera eman zituen, hobekuntza eta asebetetze maila oso handiak izan baitituzte.
Goiza amaitzeko, Cuatrecasaseko kontseilari Ricardo Mínguezek moderatutako mahai inguru atsegin bat eduki genuen, “Langile osasuntsuak enpresa osasungarrietan” izenburua izan zuena, eta honako parte hartzaile hauek izan zituena:
- Jesús García de Cos, UGT Euskadiko Laneko Segurtasun eta Osasun Kabineteko arduraduna,
- Elena Herrán, Arabako Osasun Federazioko arduraduna eta Euskadiko CCOOren Lan Osasuneko Kabineteko prebentzio teknikaria,
- María Jesús Martín, Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Laneko Osasunaren Unitateko medikua,
- María Pilar Ballestero, Laneko Osasuneko teknikari espezialista. Zuzendaritza Teknikoa. Prebentzioko I+G. Mutua Universal,
- Asier Viteri, Nordic Klinika nahasmendu muskuloeskeletikoetarako klinikako kudeatzailea.
Kongresuak 16: 30ean jarraitu zuen, Nordic Klinikan, La Fundaciónen egoitzan, bertan egin zen tailer praktiko batekin. Tailerrean, bertatik bertara ikusi ahal izan zen goizeko hitzaldietan azaldutakoa, bai eta nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko metodoan erabiltzen diren makina berriak ikusi eta probatu ere.